SHARE proiektu europarra ixteko Bruselara egindako bidaian, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak Nafarroak Europar Batasunean duen Bulego Iraunkorrean izan dira.
Topaketan Eva Gurria Migrazio Politiken zuzendari nagusiak eta Sergio Pérez Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak parte hartu dute. Ordezkaritzak Nafarroak Europako erakundeetan duen presentzia eta eragina indartzeko egiten duen lana zuzenean ezagutzeko aukera eman du.
Bileran, Europako programek eta sareek migrazio-politikekin, gizarteratzearekin eta gizarte-kohesioarekin lotutako ekimenak bultzatzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertu dira. Era berean, Nafarroako Gobernuko departamentuen eta Bruselako Ordezkaritzaren arteko lankidetza estuaren garrantzia nabarmendu da, Europako proiektu estrategikoetan Foru Komunitatearen parte-hartzea indartzeko.
SHARE proiektuaren bidez lortutako esperientziak eta emaitzak partekatzeko ere balio izan du bisitak. Ekimen horrek Europako eskualdeen artean harreraren eta inklusioaren arloan ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzea erraztu du, eta Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak Babes Komunitarioko programetan duen esperientzia aurkeztu du. Bi aldeek berretsi dute elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa, Nafarroa Europako balioekin lerrokatutako politika publiko berritzaileak eraikitzeko erreferente izan dadin.