Azaroaren 26an, Iñaki Mendióroz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, eta Javier Zubicoa, Lan Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako EBrako Bulego Iraunkorrean izan ziren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) ordezkari den Pedro Lacunzarekin batera. Bruselara egindako bisita DEBUTING proiektuaren amaierako konferentzian parte hartzeko aprobetxatu zuten. Konferentziak berrikuntza-ekosistema inklusiboak sustatzea izan zuen ardatz, genero-berdintasuna, aniztasuna eta ETEen hazkundea bultzatzeko politiken bidez.
Bisitan, Bulegoaren jarduera eta Europako erakundeen aurrean betetzen duen zeregina ezagutzeko aukera izan zuten, baita Nafarroak Bruselan ordezkaritza propioa izateak duen garrantzia ere. Era berean, 2017tik Nafarroan ekonomia sozialaren eta enpresetako inklusioaren arloan egindako lana eta lortutako aurrerapenak azaldu zituzten. Egindako bidea balioan jarri zuten, baina oraindik aurrean dituzten erronkak ere ahaztu gabe. Azkenik, ekonomia sozialaren arloko berrikuntza sustatzeko, esperientziak partekatzeko eta Europako lankidetza-aukerak zabaltzeko eskualdeen arteko sare bat sortzeko interesa azaldu zuten.